AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Irun.
2021/01/09 11:27

Atzo Argia-k jakinarazi zuenez, kaleratze arriskuan dago Irungo (Gipuzkoa) bikote bat; 75 urte ditu batak, eta 78 besteak. Hipotekan semearen etxebizitza jarri zuten abal gisa, baina hark ezin dituenez hipoteka-maileguak ordaindu, etxegabetzea agindu du Solvia higiezinen agentziak.

Sabadell banketxearentzat egiten du lan Solviak, eta Sabadellek exekuzio bidez eskuratzen dituen etxebizitzak kudeatzeaz arduratzen da, hipoteka ordaindu ezin duen jendearen etxebizitzak izanik kasu gehienetan.

Luzapenik gabeko alokairu soziala sinatu zuen Irungo bikoteak duela hiru urte, eta datorren urtarrilaren 24an bukatuko da epea. Stop Kaleratzeak Gipuzkoak ohartarazi duenez, kale gorrian geldituko diren adin nagusikoen egoera babesgabeaz jakitun ziren Sabadell eta Solvia, Irungo Gizarte Zerbitzuen txosten sakon bat helarazi baitzitzaien.

Datorren asteartean, urtarrilak 12, martxan den etxegabetzea salatzeko elkarretaratzea izango da Donostian (Gipuzkoa), goizeko 11:00etan, Sabadell bankuak Askatasunaren Hiribidean duen egoitzaren aurrean. Stop Kaleratzeak Gipuzkoak, Alokairu Benta Berrik eta Inquilinos Azorak antolatu dute mobilizazioa.