Kaxilda gaztetxearen aurkako epaiketan, bi auzipetuen aurkako hiru hilabeteko kartzela zigorrak eta eraikina berehala hustea eskatu ditu fiskaltzak

Zizurkilgo Kaxilda gaztetxearen birjabetzea dela-eta, bi kide epaitu dituzte gaur. Fiskaltzak hiru hilabeteko kartzela zigorra edo 1.080 euroko isuna eskatu ditu bi auzipetuentzat. Horrez gain, eraikinaren berehalako hustea galdegin du. Epaitegiaren kanpoaldean, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute, epaituei "klase elkartasuna" adierazteko. Ebazpenaren zain gelditu da auzia, eta asanbladako kideek mobilizazioei adi egoteko deia zabaldu dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: Itzalpe
2019ko abenduaren 03a

Gaur, abenduak 3, Aiztondoko Gazte Asanbladako bi kide epaitu dituzte Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian, 12:30ean. Kaxilda gaztetxea martxan jartzeko Zizurkilen (Gipuzkoa) birjabetutako eraikinaren "usurpazio arina" da egozten dieten delitua. Fiskaltzak hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatu du auzipetutako bi kideentzat; hala, espetxea ekiditeko, egunean 6 euroko isuna ordaindu beharko lukete hiru hilabetez; 1.080 euroko isuna, alegia. Horrez gain, espazioaren berehalako hustea ere eskatu du fiskaltzak. Auzi saioa amaituta, ebazpenaren zain geratu da Kaxilda gaztetxearen aurkako auzia.

Gezurrak eta kriminalizazioa

Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek salatu dutenez, auzi saioan zehar entzun diren hainbat hitzartzetan "argiki azaleratu da epaiketaren izaera politikoa". Diotenez, "ertzain batek hitza hartu duenean gertakariak desitxuratu nahi izan ditu, gezurrekin eta argumentu kriminalizatzaileekin".

Desjabetze arriskua ate joka

Asanbladako kideen arabera, "hamar egunetik hilabete baterako tartean aterako da epailearen sententzia", eta fiskaltzak eskaturiko zigorra onartzen badu, "desjabetze prozesu bat irekiko dute". Ondorioz, hainbat hilabetez luzatu den ibilbide judizialaren ondoren, Kaxilda gaztetxea desjabetze prozesu baten atarian egon daiteke.

Epaituei elkartasuna eta mobilizaziorako deia

Epaiketaren harira, dozenaka lagun bildu dira gaur epaitegiaren kanpoaldean auzipatuei babesa adierazteko; Zuen arma errepresioa, gurea klase elkartasuna zioen zabaldu duten pankartak. Asanbladako kideek adierazi dutenez, epaituak bi kide izan badira ere, "beste edozein izan zitekeen". Azpimarratu dute, "kolektibo oso bat" izan dela gaur epaitua, eta horregatik deitu dute elkarretaratzera, "bi pertsona horiei elkartasuna adierazteko, eta ikusteko ez daudela bakarrik".

Hala, geldirik ez direla egongo eta borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute gazteek, "orain, inoiz baino gehiago". Horrenbestez, "mobilizazioei adi egoteko deia" egin dute.