AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/12/19 13:24

Hiru pertsona atxilotu dituzte aste honetan; bat Irunen (Gipuzkoa) eta bi Valentzian (Herrialde Katalanak). Emakumeak engainatu eta, bortxaz, Valentziako zein Europako beste hiriburuetako prostituzio-etxeetara eramaten zituzten, bertan prostituzioan aritzera behartuz.

Irunen atxilotua izan den gizonak, Europa mailan jarduten duen emakumeen salerosketa eta prostituzio sare batean hartzen zuen parte. Iturri ofizialek diotenez, hegoamerikarrak dira emakume gehienak, eta asko, transexualak. Proxenetek Espainiako Estatura bideratzen dituzte atzemandako pertsonak, eta gerora, Belgikako, Holandako edota Italiako prostituzio-etxeetara eramaten dituzte.

Estrategia ohikoak erabiltzen dituzte pertsonak harrapatzeko; Hego Amerikako transexualen bazterketa egoera probestuz, Espainiako Estatura gonbidatzen zituzten, bidaia turistiko baten aitzakiapean. Heltzerakoan, prostituzioan jarduten soilik ordaindu zezaketen zorra kitatu behar zutela esaten zieten. Ihesaldiak ekiditeko, dokumentazioa kendu eta 24 orduz kontrolatzen zituzten emakumeak.

Emakumeen salerosketari dagokionean, hilabete honetan Euskal Herrian jakinarazi duten hirugarren kasua da honakoa. Astelehenean, hainbat emakume salerosteagatik eta prostituzioan jardutera behartzeagatik, hamabi pertsona atxilotu zituzten Barakaldon (Bizkaia). Abendua hasieran, bestalde, zortzi pertsona zigortu zituzten Iruñean (Nafarroa), sexu esplotaziorako emakumeen salerosketa egiteagatik.

EZ DAGO IRUZKINIK