Barakaldon (Bizkaia) eta Castro-Urdialesen (Kantabria) jarduten zuen prostituzio-sare bat atzeman dute berriki. Berria-k jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz, proxenetek bederatzi emakume zituzten harrapatuta sexu-esplotaziorako sare horretan. Egunean 24 orduz derrigortu dituzte prostituzioan aritzera, eta etxebizitza batzuetan pilaturik eta bideo-zaintza kamerekin kontrolaturik izan dituzte.
Sarearen aurkako operazioan, zazpi pertsona atxilotu dituzte momentuz, eta ikerketapean daude beste hiru. Aurreko urtean hasi zen ikerketa, migratutako emakume baten egoeraren berri izan zutenean polizia-indarrek: jakin zuten Greziatik Espainiako Estatura mugitu zutela, eta Barakaldoko pisu batean esplotatu zutela sexualki.
Hilabete honetan bertan, beste prostituzio-sare baten aurkako operazio bat izan da Euskal Herrian, Errioxan, Kantabrian, Aragoin eta Katalunian. Gutxienez 34 emakume migratu esplotatzen zituzten sare horretako proxenetek.