AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Deklaratzen ari dira atxilotuak.
2021/02/22 12:00

Espainiako Poliziak Bilboko (Bizkaia) Langile Autodefentsa Sareko lau kide atxilotu ditu gaur goizean, 07:30ak aldera. Haien etxebizitzetan atxilotu dituzte laurak, eta Indautxuko polizia-etxera eraman dituzte deklaratzera. Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar garbiketa enpresako lan-gatazkaren harira atxiki dituzte, eta derrigortze delitua leporatzen diete.

Atxilotuek uko egin diote deklaratzeari, eta 19:00ak aldera gelditu dira aske. Haien abokatuek ezin izan dute goiz osoan polizia-etxera sartu.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea izan da iluntzean Espainiako Poliziaren komisaria aurrean, Erasoen aurrean, langile autodefentsa lemapean. LASek gogorarazi duenez, ostegun honetan epaitegietan deklaratu beharko dute bi kidek –gaur atxilotu dituzte biak–. Aurretik zeuden deklaratzera deituta, Limpiezas Arana enpresa seinalatuz azken hilabeteetan izan diren mobilizazioak direla-eta, berriz ere.

Manifestazioa larunbatean

Joan den larunbatean mobilizazioa izan zen Uribarriko kaleetan, Bilboko LASek deituta. "Limpiezas Aranak eta harekin kolaboratzen duten enpresek gauzatzen dituzten tratu txar eta esplotazio sistematikoak" salatu zituzten manifestazioan, eta enpresak langile bati zor dion dirua ordaintzea exijitu zuten, Limpiezas Arana ordaindu zor duzuna zioen pankarta helduta.

LASeko kideek iazko abenduan eman zuten garbiketa enpresa horretako lan-gatazka baten berri. Langile batek jasan behar izan dituen lan-baldintza latzak salatu dituzte ordutik, bai eta enpresak egin dizkion askotariko erasoak ere, besteak beste, difamazioak, estortsioa, soldata ez ordaintzea nahiz kaleratua izatea.