Bihar hasiko da Mozal Legea erabiliz zigortutako lehen kazetariaren errekurtso epaiketa

2017ko maiatzean Errekaleorren argia mozteko Ertzaintzak egindako operazioa grabatu zuen Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariak. Bide administratiboaren amaieran, 602 euroko isuna ezarri diote. Gertakariak argitzen dituen informazioa plazaratzeaz gain, epaitegietara jo du Hala Bedik, Ertzaintzaren “muntaia” eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzeko.
Argazki Nagusia
2019ko apirilaren 1a

“Eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen lege injustu bat” borrokatzeko eta “informazio eskubidea defendatzeko” erabakia hartu du Hala Bedi hedabideak. Martxoaren 28an agortu zen Mikel Saenz de Buruagaren aurkako auziaren bide administratiboa, kazetariaren aurkako zigorraren berrespenarekin. Beraz, auzi administratiboetarako epaitegietara joko dute orain. “Mozal Legea” delakoaren bidez zigortua izan den lehenengo kazetaria da Saenz de Buruaga, Argiako Axier Lopez ez baitzen zigortua izatera iritsi. Lander Arbelaitzen kasuan aplikatu den legedia ez da Mozal Legea.

Gasteizko hedabideak martxoaren 29an argitaratutako albistean eman zuen Saenz de Buruagaren auziaren berri. Kazetaria zigortzen duen espedientea “kafikarra” dela frogatzen duen dokumentazio sorta plazaratu zuten bertan. Bestalde, “legea bera injustua dela” eta zigortzen dena mugimendu sozialekin elkarlan estuan aritzen den eta botere gehiegikeriak eta bortxakeria poliziala kalean bertan zelatatzen duen kazetaritza eredua dela salatu zuten. Izan ere, zigortuak izan diren gertakariak jazo ziren eguneko errelatoaren eta espedientean agertzen denaren arteko kontraesanak agerikoak direla azaldu zuten. Beraz, “mendeku” gisa definitu dute zigorra eta bere berrespena, egun horietan Errekaleorren gertaturiko gehiegikeria polizialak publiko egin izanagatik.

Saenz de Buruaga zigortzeko argudio nagusia, Ertzaintzak Errekaleorren jarri zuen kordoi poliziala zeharkatzea izan da. Hori dela eta, “Desobediencia o resistencia a la autoridad” kategoriaren baitan izan da zigortua. Hala ere, Hala Bedik argitaratutako bideoek erakusten dute horren faltsutasuna.

Kazetariaren mugikorra txikitu zuen Ertzaintzak, eta beste hainbat gertakari ere jazo ziren. Kontrara, Saenz de Buruaga “babes gabe” geratu dela erakusten duten hainbat gehiegikeria eman dira espedientearen garapenean: testiguak ukatu dizkiote, eta froga sendoak baztertu dituzte. Hala Bediko kideek salatu dute auziaren gaineko erabakia Ertzaintzaren “hitza” froga gisa erabiltzean oinarritu dela, auzi penaletan zein administratiboetan zigorrak ezartzeko oinarrizkoa den erruduntasun/errugabetasun printzipioa baztertuz.

“Mozal Legea” delakoaren argi-lunak eta legearen itxurazko neutraltasunaren atzean ezkutatzen den izaera politikoa nabarmen azaleratu dira honako kasuan. Jazarpen politikoa “amaierara arte” salatzen jarraituko dutela azpimarratu dute Hala Bediko kideek. Hori dela medio, Gasteizko Epaitegiaren atarian kontzentrazioa egingo dute bihar, 11:30ean.