Soldatapean lanean ari ziren bi behargin zauritu dira gaurkoan, maiatzaren 11n. Durangon (Bizkaia) izan da lan-istripuetako bat, goizean, Funsan enpresan. Antza, pieza bat jausi zaio gainera langile bati, eta hanka hautsi du horren ondorioz. Buruan ere jasan du kolpe bat. Gurutzetako Ospitalera eraman dute zauritua.
Bestalde, Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak-Iturtzulo eremuko obretan ere izan da lan-istripu bat gaur. Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko lanetan jarduten duen langile batek ebaki bat egin du hanka batean, eguerdian. Dena den, ez dute zaurien larritasunari buruzko xehetasunik eman.
Lan-heriotza baten berri ere eman dute gaurkoan, gainera. Atzo, maiatzaren 10ean, bihotzekoak emanda zendu zen behargin bat Adunako (Gipuzkoa) Refractarios Kelsen enpresan. Aurreko astean ere izan zen albiste beltzik gurean: duela bi asteburu izandako lan-istripu baten ondorioz, Getariako (Gipuzkoa) Indaux enpresako langile bat hil zen aurreko ostegunean.