AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Amnistiaren aldeko manifestazioa. Argazkia: AAM
2019/08/13 15:42

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, mugimenduaren gaineko ikerketa egiten ari zirela jakinarazi zuen maiatzean Valentin Diaz Blanco Guardia Zibilaren koronelak, adierazpen bidez. AAMko kideak "monitorizatuta" zituztela ere azaldu zuen. Hala ere, AAMren arabera, aurretik datoz jazarpen kasuak. Izan ere, salatu dute kideek beren ibilbidearen hasieratik jasan behar izan dituztela poliziaren jarraipenak.

Azken hilabeteetan jazarpena areagotu egin dela nabarmendu du AAMk. Hala, jarraipenez gain, poliziaren bat-bateko errepide kontrolak salatu dituzte, baita polizia militanteen auto eta etxeetan sartu izana ere. Azaldu dutenez, "kasu guztietan, hankaz gora utzi izan dute dena baina inoiz ezer lapurtu gabe, eta beraz, lapurreta kasuak ez direla ondoriozta daiteke. Kasu horiek denboran eta formetan bat egiten dute, eta antzeko funtzioak aurrera eramaten ari diren militanteen kontra burutu dituzte". Hori guztia "komunikabide faxistek errepresioaren jo-puntua gure gainean jartzen duten bitartean" gertatu dela ere adierazi dute.

Bestalde, gogorarazi dute duela aste batzuk salatu zutela poliziaren jazarpena ikasle eta gazte mugimenduetako zenbait kidek: "Orduan ere salatu genuen espainiar eta frantziar estatuek gure herriaren eta langileriaren aurkako gerran murgildurik jarraitzen dutela, eta errepresioa ez dela desagertzen, baizik eta bere intentsitatea modulatzen duela une eta kolektibo bakoitzaren aurrean interesatzen zaionaren arabera".

Bukatzeko, militantziarako eskubidea eta borroka egitearen zilegitasuna aldarrikatu dituzte AAMko kideek.