Kalez jantzitako polizien jazarpen jarraitua salatu dute gazte eta ikasle mugimenduetako hiru militantek

Gazte eta ikasle mugimenduetako hiru militantek ikasturte honetan jasandako jazarpen poliziala salatu dute hainbat gaztek, agerraldi bidez. Kalez jantzitako poliziek hiru kide horiei egindako jarraipenak, kolaborazio eskaerak, mehatxuak, deiak edota xantaiak dira mahaira atera dituzten ekinbideak. Jazarriak izan diren hiru kideen testigantzak jaso ditu GEDAR LANGILE KAZETAk. Jasandako erasoak "zabaltzen dabilen eta oso arriskutsua den" dinamika baten parte direla nabarmendu dute, eta bestalde, balioan jarri dute "jendarte sozialista baten eraikuntzan ari direnen lana".
Argazki Nagusia
Kalez jantzitako polizien jazarpena salatzeko eginiko agerraldia. Argazkia: Gedar
2019ko uztailaren 28a

"Herri zein langile mugimenduetako" hogeitik gora kidek agerraldi bidez salatu dute ikasturte honetan gazte eta ikasle mugimenduetako hiru militantek jasandako jazarpen poliziala. Azaldu dutenez, hiru kide horiek kalez jantzitako polizien mehatxuak, jarraipenak, deiak, xantaiak edota kolaborazio eskaerak jasan dituzte aurten. Jazarriak izan diren hiru pertsona horien testigantzak jaso ditu GEDAR LANGILE KAZETAk.

Jazarpen kasu ezberdinak, patroi berdina

Alde batetik, Leioako campusean ikasten duen ikasle zarauztar batek azaldu du poliziaren jarraipen "itogarria" jasan duela ikasturte hasieratik: "Kalez jantzitako poliziek hainbat alditan behartu nahi izan ninduten eurekin toki isolatuetara joatera. Besteak beste, ikasturte hasieran Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean segurtasun langileen presentzia salatzeko martxan jarri genuen dinamika baten harira izandako gertakari batzuekin mehatxatzen ninduten. Erakutsi nahi izan zidaten jarraitua izaten ari nintzela. Ni unibertsitatetik kanporatua izateko auzibidea abiaraziko zutela ere esan zidaten".

Zarauztarrak gogoratu duenez, "hainbat hilabetez luzatu ziren deiak zein jarraipenak". "Horrekin guztiarekin amaitzeko bide bakarra eurekin kolaboratzea zela esan zidaten: izenak ematea, etorkizunean egin zitezkeen ekintzen berri ematea, etab. Bakarrik nengoenean etortzen ziren, eta kalez jantzitako polizia zenez, pare bat alditan tabernaren batera sartu behar izan nuen, nire burua babestu ahal izateko", dio.

Campus bereko ikasle donostiar batek ere azaldu du bere kasua. "Udaberrian hasi ziren jarraipenak. Nire ikasle pisuko atariraino etorri ziren, preso politikoen aldeko ekimen bateko gertakarien harira mehatxu eginez: unibertsitatetik botako nindutela, sekulako isuna jarriko zidatela, etab. Ikasle mugimenduan nuen jarduna zela-eta, kontuz ibiltzeko esan zidaten", dio gazteak. "Niregana bigarren aldiz jo zutenean, kasu egiten ez banien, une horretan bertan gurasoei deitu eta atxilotu egingo nindutela esan zidaten. Polizia onaren eta txarraren rolak birproduzitzen zituzten. Nire kasuan, ni emakumea izanik, nolabait amatasunarekin lotutako jarrerak hartzen zituen emakumezko polizia batek; esaterako, begietara begiratzeko edota nire etorkizunaren alde ni laguntzen ari zirela esaten zidan. Beste poliziak, baina, jarrera oldarkorragoa zuen. Bera zen jarrera autoritarioa erakusten zuena", adierazi du.

"Bolada baten ostean, nire amak telefono dei bat jaso zuen, eta telefonoaren beste aldetik, kimikako nire klasekide baten aita zela esanez aurkeztu zen gizonezko bat. Nik fisika ikasten dut. Ustezko klasekidearen aitak nire jardun politikoa arriskutsua zela eta tentuz ibiltzea komeni zitzaidala esan zion amari. Koldarra ere deitu ninduten, ez nuelako eurekin hitz egin nahi izan", dio donostiarrak.

Gazte ordiziar batena da salatu duten hirugarren kasua. "Behin kotxe istripu bat izan nuen, polizia atzetik nuelako, jarraipena egiten. Gertaera horren ostean, hainbat dei anonimo jaso nituen; ekainean, hain zuzen. Dei anonimo horien erregistroa automatikoki ezabatzen zen. Dei batzuk erantzun banituen ere, ez zidan inork erantzuten telefonoaren beste aldetik. Horietako batean, baina, komisaldegitik pasatzeko gonbidapena egin zidan deitu ninduenak", azaldu du.

Erasoen aurrean, militantziaren defentsa

Gertakari horiek salatzeko egindako agerraldian, "mugimendu independentista eta sozialistaren parte diren militanteek" historikoki jasan duten jazarpenaren baitan kokatu dituzte hiru kasuak: "Euskal Herriaren askapenaren eta jendarte sozialista baten aldeko mugimenduak ez dauka berme juridikorik". Eraso horiek guztiak "ziurgabetasuna, beldurra eta ezegonkortasuna" sortzeko tresna direla azpimarratu dute. Bestalde, mahaira ateratako hiru kasuak "zabaltzen dabilen eta oso arriskutsua den" dinamika baten parte direla azaldu dute, agerian utziz gehiago izan direla militante politikoen aurkako jazarpen polizial kasuak: "Jakitun gara horrelako kasuak ez direla kide horietara mugatzen".

Nabarmendu dute poliziak "denbora luzez eta modu jarraituan" egindako "ezkutuko erasoek" gazte militanteak beldurtzea dutela helburu: "Gezurra, manipulazioa eta presio psikologikoa erabiltzen dituzte gazte militanteak beldurtzeko". Hala, esan dute "behar-beharrezkoa" dela gertakariak publikoki aditzera ematea, eta dei egin diete Euskal Herriko eragile politiko zein norbanakoei "pasarte larri horiei ahotsa ematera".

Azkenik, euren jardunaren defentsa irmoa egiteko konpromisoa azaldu dute agerraldian: "Eraso horiek arbuiatzen ditugu, eta eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu militanteon aurkako jazarpenak amaitu daitezen". Zailtasunak zailtasun, "zapalkuntza nazional eta klase arteko harremanak zeharkatzen dituen testuinguruan", militantziaren zilegitasuna eta lan militantearekin aurrera jarraitzeko prestutasuna aldarrikatu dute gazteek: "Doakie gure mespretxurik gogorrena testuinguru zail honetan jendarte aske baten aldeko lan politikoa ezinezko bilakatu nahi duten horiei. Aurrean izango gaituzue". 

  

 Prentsaurrekoaren idatzia hemen irakurgai.