AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Noticias de Alava
2019/07/10 17:56

Frantziako Fiskaltzak bigarren euroagindu bat jakinarazi dio Josu Urrutikoetxeari. EFE agentziaren arabera, "herriko tabernen auziarekin" lotura izan dezake agindu berri horrek. Hala, orain arte, Auzitegi Nazionalaren bi euroagindu eta bi estradizio eskaera jaso ditu Urrutikoetxeak.

"Gizateriaren aurkako krimenak" leporatuta igorri zioten lehen euroagindua. Aurreneko estradizio eskaera 1987an ETA erakundeak Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatuarekin dago lotuta, eta bestea, Michelin enpresako zuzendari baten hilketarekin.

Hilaren 17an bertaratu beharko du Parisko Apelazio Auzitegira, eta bertan zehaztuko dute noiz aztertuko duten euroagindu berria.

Auziak irekita

Maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan. Aske geratu zen gero, baina Auzitegi Nazionalak hala eskatuta, berriz sartu zuten kartzelan. Bi auzi ditu irekita Frantziako estatuan. 2010ean eta 2017an ezarri zizkioten espetxe zigorrak, baina epaiketetan parte hartu ez zuenez, berriro epaitua izateko aukera aitortu diote. Beraz, urtarrilaren 6ra arte atzeratu dute 2010eko auzia, eta irailaren 12ra arte 2017ko auzia.

Bestalde, Espainiako estatuan ere zigortu nahi dute Urrutikoetxea, eta horren harira egin ditu Auzitegi Nazionalak presoa espainiaratzeko eskaerak.