AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Republica.com
2019/06/28 16:30

Josu Urrutikoetxeak bi espetxe zigor ditu betetzeko Frantziako estatuan. Maiatzaren 16an atxilotu zuten. 2010ean eta 2017an zigortu zuten, ETAko zuzendaritzako kide izatea eta Osloko elkarrizketa mahaian parte hartzea leporatuta. Dena den, bi epaiketetan parte hartu ez zuenez, berriro epaitzeko aukera aitortu dio Frantziako legeriak, eta bide horretan murgilduta dago une honetan.

2010eko auzia urtarrilaren 6ra arte atzeratzea erabaki du Parisko auzitegiak. 2017ko auziari dagokionez, zortzi urteko espetxe zigor eskaera barnebiltzen du, eta irailaren 12ra arte atzeratuko dute, formarekin lotutako akatsak eztabaidatzeko.

Espainiako Estatuaren eskaera

Bestalde, Espainiako Estatuan ere zigortu nahi dute Urrutikoetxea. Hala, hiru kasu jarri dituzte mahai gainean, preso politikoa espainiaratzea eskatzeko. Dena den, momentuz, bakarra jakinarazi diote berari.  2004-2007 urte bitartean gizateriaren kontrako krimenak egitea leporatuta, Espainiako Estatuak eskatutako euroagindua jakinarazi zion Parisko Dei Auzitegiko Instrukzio aretoko epaileak. Urriaren 16an helduko diote auzi horri.

Uztailaren 10ean epailearen aurretik pasatuko da Urrutikoetxea, eta espainiaratzeko beste eskaera bat jakinaraziko diote. Berria-ren arabera, 1987an Zaragozako kuartelean izan zen atentatuaren harira bere kontra irekia duten prozedura izan daiteke eskaeraren arrazoia. Hain zuzen, Espainiako Gobernuak estradizio eskaera ofiziala egin dio Frantziako estatuari, Auzitegi Nazionalaren eskaera jasota. Isabel Zelaaren hitzetan, orain Espainiako Estatuak Parisen duen lotura epaileari emango dizkiote dokumentuak, hark Frantziako auzitegiei helarazteko.

Ia 20 urte atzera

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002ko azaroan auzipetu zuen Urrutikoetxea, Zaragozako atentatua zela-eta. 11 lagun hil ziren ekintza horren ondorioz, Guardia Zibilaren kuartelaren aurka bonba auto bat lehertuta. Horrekin zerikusia izan zezakeelakoan auzipetu zuten, baina Urrutikoetxea ez zen epaitegietan izan.

EZ DAGO IRUZKINIK