AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/28 17:15

Alarma egoera berrian egindako lehen kontrolen helburua "pedagogikoa" izan dela dio Eusko Jaurlaritzak, izan ere, ohartarazi du "neurri zorrotzagoak" aplikatzen hasiko direla asteburu honetan. Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuaren hitzetan, Ertzaintzak eta udaltzaingoek "zorroztasunez" bermatuko dute araudi berria astearen amaieran. "Aitzakiek ez dute balioko", egin du mehatxu Erkorekak.


Halaber, isuna edota espediente irekiera "arau haustearen araberakoa" izango dela adierazi du. Zenbait kasutan "Herritarren Segurtasunerako Legea" ezarriko da, baina beste askotan, Erkorekaren aburuz, "Osasun Legea" urratzeagatik ere izapidetu ditzakete espedienteak.


ISUNAK


Alarma egoeraren onarpenaz geroztik, zigorrak "Herritarren Segurtasunerako Legean" oinarrituko dira, eta ez "Osasun Publikoa" delakoaren arabera, konfinamenduaren ostean jazo izan den bezala. Arautegi berriak arau hauste arinak (100 eurotik 600 eurora arteko isunak), arau hauste larriak (601 eurotik 30.000 eurora) eta arau hauste "oso larriak" (30.001 eurotik 600.000 eurora) aurreikusten ditu.


LUZAPENA


Erkorekaren arabera, neurri berriak jasotzen dituen dekretuak, ustez, "15 eguneko iraupena" izanen luke. Dena den, ez da oinarrizko askatasun zibilen berrezarpenerako inolako berme juridikorik, izan ere, epea amaitzen denean, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) esku geratuko da neurri berriak hartzeko erabakia. Bertan ebatziko dute indarrean diren debekuak malgutu daitezkeen ala ez, "betiere, egoera epidemiologikoa aztertuz eta egoeraren bilakaera zein den ikusiz".