AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Protestak Sangiovesa jatetxearen atarian. Argazkia: LAB
2019/05/31 21:39

2018. urteko udan, protestak izan ziren Iruñeko (Nafarroa) La Sangiovesa jatetxean. Izan ere, hamaika izan ziren bertako beharginek salatu zituzten eraso sistematikoak; esaterako, kontraturik gabe lan egin behar izatea, lanordu guztiak ez kobratzea edota kaleratzeak, hauteskunde sindikaletan "enpresak atsegin zuen hautagaitzari botoa ez emateagatik", LAB sindikatuko kideen hitzetan.

Horren aurrean, antolatzea erabaki zuten langileek, eta beren aurkako erasoak salatzeko protestak abiatu zituzten. Bertan izan ziren LABeko hainbat kide. Hala, bi pertsona auzipetu zituzten, mobilizazioetan jatetxean sartzeagatik, atarian elkarretaratzeak egiteagatik, eranskailuak jartzeagatik eta megafono batetik hainbat eslogan oihukatzeagatik.

Enpresa LABekin bildu zen gerora, eta azkenean, protesten harira jarritako salaketak atzera bota zituen. Dena den, derrigortze-delitua leporatuta, Fiskaltzak mantendu egin zuen bi akusatuen aurkako espetxe zigor eskaera; bi urte eta hiru hilabetekoa LABeko kide batentzat, eta urte bat eta sei hilabetekoa jatetxeko behargin batentzat.

Derrigorrezko espetxe zigorra

LABek atzo, ostirala, jakinarazi zuen Iruñeko Zigor Arloko 4. epaitegiaren ebazpena. Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio bi auziperatuetako bati; LABeko kideari, hain zuzen. Espetxean sartzera derrigortu du, gainera. Bigarren auzipetuari dagokionez, errugabetu egin du.

Protestak martxan

Ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuko duela adierazi LABek, eta prozesuan eman den irregulartasun bat salatu du; hain zuzen, sindikatuak froga modura aurkeztutako bideo bat epaitegietan "galdu" izana.

Bestalde, "sindikalisten aurkako jazarpen poliziala eta judiziala salatzeko" prentsaurreko masiboa egingo du LABek astelehenean, 11:30ean Iruñeko Gaztelu Plazan. Izan ere, eraso gehiago ere jasan behar izan dituztela azaldu dute; esaterako, hainbat kide auzipetu dituzte Huerta de Peraltako borroken harira, eta isunak jaso dituzte. Hala, protestak martxan jarriko dituztela iragarriko dute astelehenean.