Radio Bilbao-ri eskainitako elkarrizketa batean, adierazpen kezkagarriak egin ditu Bilboko (Bizkaia) alkate Juan Mari Aburtok (EAJ). Adierazi du mobilizazio "gehiegi" izaten direla Bilbon: "egunero", eta "hainbat". Protestek "herritarren bizi-kalitatea hondatzen" dutela seinalatu du, esaterako, bide-mozketak egin behar izaten direlako protestei bide egiteko.
Hortaz, proposamen bat atera du mahaira Aburtok: "bidea moztea erabat beharrezkoa" izan ez dadin, mobilizazioak "beste punturen batera edo espaloira" tokialdatzea. "Beti egon behar da bidea mozten? Uste dut ezetz" esan du alkateak: "Eskatu nahi dut egingarri izan dadila manifestatzea eta, aldi berean, ez egotea egunero jendearen bizitza aztoratzen".
Aurpegia du jeltzaleak, gainera: adierazpen horiek egin ostean, gaineratu du "inork baino gehiago errespetatzen" dituela "edozein pertsonak edozein arazoren aurrean biltzeko eta manifestatzeko dituen eskubideak", baina "oso garrantzitsua" dela "gizartea oro har kontuan hartzea".