ACTUALIDAD / Represión
Bilbon mobilizazio "gehiegi" izaten direla uste du Aburto alkateak
Protestek "herritarren bizi-kalitatea hondatzen" dutela esan du, eta aditzera eman du mobilizazioak "beste puntu batean edo espaloian" egin beharko liratekeela.
2024eko urtarrilaren 23
Bilbon mobilizazio "gehiegi" izaten direla uste du Aburto alkateak

Radio Bilbao-ri eskainitako elkarrizketa batean, adierazpen kezkagarriak egin ditu Bilboko (Bizkaia) alkate Juan Mari Aburtok (EAJ). Adierazi du mobilizazio "gehiegi" izaten direla Bilbon: "egunero", eta "hainbat". Protestek "herritarren bizi-kalitatea hondatzen" dutela seinalatu du, esaterako, bide-mozketak egin behar izaten direlako protestei bide egiteko.

Hortaz, proposamen bat atera du mahaira Aburtok: "bidea moztea erabat beharrezkoa" izan ez dadin, mobilizazioak "beste punturen batera edo espaloira" tokialdatzea. "Beti egon behar da bidea mozten? Uste dut ezetz" esan du alkateak: "Eskatu nahi dut egingarri izan dadila manifestatzea eta, aldi berean, ez egotea egunero jendearen bizitza aztoratzen".

Aurpegia du jeltzaleak, gainera: adierazpen horiek egin ostean, gaineratu du "inork baino gehiago errespetatzen" dituela "edozein pertsonak edozein arazoren aurrean biltzeko eta manifestatzeko dituen eskubideak", baina "oso garrantzitsua" dela "gizartea oro har kontuan hartzea".