AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Bilbon, emakume bat erailtzen saiatu da bere bikotekidea
Larunbat goizaldean, emakumea itotzen eta labanaz sastatzen saiatu zen gizonezkoa.
2025eko uztailaren 7
Bilbon, emakume bat erailtzen saiatu da bere bikotekidea

Bilboko (Bizkaia) Indautxu auzoan, emakume bat erailtzen saiatu da bere bikotekidea joan den asteburuan. Larunbat goizaldean izan zen erasoa: lehenengo, 39 urteko emakumea itotzen saiatu zen gizona, konortea galtzeraino. Horren ostean, labana baten bila joan zen sukaldera, bikotekideari sartzeko asmoz. Pisukide batek esku hartu behar izan zuen, erasotzaileak emakumea sastakatu ez zezan.

Hilketa saiakera egotzita atxilotu zuten 43 urteko gizonezkoa, eta navarra.red atariaren arabera, epailearen aurretik igarotzekoa zen asteburuan.

Erasoa salatu du Bilboko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. "Matxismoaren kontrako kontzientzia indartu eta indarkeria matxistari irmotasunez aurre egingo dion indar politikoa antolatu behar dugu", aldarrikatu du.