Bilboko Udaltzaingoan mantenduko dute indarkeria matxistagatik kondenatu zuten agentea: bere bikotekide ohiari GPS gailu bat ipini zion eta horren bidez jazarri zion, jarraitu egiten baitzion. El Correo-ren arabera, hemezortzi hilabeteko zigor bat baino ez diote jarri, eta tarte horretan ez du lanik egingo eta ez du soldatarik jasoko. Bilboko Itaiak salatu duenez, ordea, udaltzaingoan jarraituko du gizonak, ez baitute polizia-postutik bota bikotekide ohia jazartzeagatik.
Itaiak gogorarazi du udaltzainak bere "botere-posizioa" eta "baliabide polizialak" baliatu zituela bikotekide ohiari jazartzeko. Gertakarien aurrean hartu diren neurriek, baina, "poliziek erasotzeko eta jazartzeko dituzten inpunitatea eta babesa" utzi dituzte agerian, antolakundearen esanetan. Ezinbestekotzat jo du, hala, "inpunitate osoz jarduten duten figurak eta horiek babestu eta zuritzen dituzten erantzuleak seinalatzea".
Iazko abenduan atera zen argitara kasua, jazarria izaten ari zen emakumeak azaroaren bukaeran salaketa bat aurkeztu ondoren. Jakinarazi zuen jazarpena jasaten ari zela bere mutil-lagun ohiaren partetik: une oro zekien bera non zegoen, eta toki horietara bertaratzen zen etengabe. Emakumearen susmoak baieztatu egin ziren bere autoan GPS gailu bat aurkitu zuenean, ihes-hodian ezkutaturik; bikotekide ohiak jarri zion, bera kontrolatu ahal izateko.