AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/09 09:51

Bilboko (Bizkaia) udaltzain batek bere bikotekide ohia kontrolatu eta jazarri du, eta geolokalizazioa erabili du horretarako. Emakumeak berak aurkeztu zuen salaketa bat gizonezkoaren kontra azaroaren 29an, Ezkerraldeko komisaria batean: jakinarazi zuen bere mutil-lagun ohia jazartzen ari zitzaiola, une oro zekielako non zegoen eta leku horietara bertaratzen zelako etengabe. Bere susmoak baieztatu egin ziren GPS gailu bat aurkitu zuenean bere kotxean, ihes-hodian ezkutaturik.

Polizia-agenteak ipini zuen kontrol-gailua bere bikotekidearen autoan, eta horrela lortu zuen bere mugimenduak kontrolatzea eta hari jarraitzea. El Correo-ren arabera, ordea, urtebeteko iraupena soilik izango duten urruntze-agindu bat eta harremanetan jartzeko debekua ezarri dizkio epaileak, baita 60 eguneko "lan behartuak" ere, jazarpen-delitu bat leporatuta. Abenduaren 1ean epaitu zuten jazarlea Barakaldon (Bizkaia). 

El Correo-ren esanetan, epaiketa azkarra izan zen abenduaren 1ekoa, eta prozedura horietan, akusatuak gertakariak onartzen baditu, jaitsi egiten dute zigorra eta ez dago helegiterik aurkezteko aukerarik. Zigor penal horretaz gain, ez dute argitu ea udaltzaingoan barne-mailako neurriak hartuko ote dituzten bere aurka.

"Ez gaituzte babesten"

"Emakume langileon segurtasunaren berme izatetik urrun, izaera zapaltzailea duen instituzioa da Poliziarena: klasista, matxista eta arrazista", seinalatu du Bilboko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak: "Ez gaituzte babesten, erasotzen gaituzte". Ohartarazi du, beraz, "Polizia indartzeak" ez duela indarkeria matxistari aurre egiteko balio, "langile-klasearen dominaziorako tresna baita". Horren ordez, Itaiak beharrezkotzat hartu du "inpunitate osoz jarduten duten figurak seinalatzea eta indarkeria matxista orori irmotasunez erantzutea".

EZ DAGO IRUZKINIK