AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/20 07:57

Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga Behekoa ikastetxea itxi nahi du Eusko Jaurlaritzak, Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak azaldu duenez. Antza, Hezkuntza Saileko ordezkari batzuek aurreko astean deitu zuten institutuko zuzendaritza bilera batera, eta esan zieten "desagertu" egingo dela eskola, lanbide heziketara bideratu nahi dutelako: Emilio Campuzano izeneko zentroa mugitu nahi omen dute hara. Gaur egun, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH), batxilergoko lau modalitate eta diseinuari buruzko goi-mailako ziklo bat eskaintzen dituzteTxurdinaga Behekoan, eta bertako ikasleria "birkokatzeko plangintzarik gabe" itxi eta hustu nahi du zentroa Jaurlaritzak; eskolako zuzendaritzaren esanetan, ekainaren 30erako egin beharko lukete alde guztiek.

Bilboko IAk salatu du ikasleek "ikastetxea utzi eta hurrengo urtean gure ikasketak beste ikastexe batean egitera behartuta" ikusten dutela euren burua. Berezitasun modura, Txurdinaga Behekoa da Arte batxilergoko Musika eta Arte Eszenikoen adarra gazteleraz eskaintzen duen zentro bakarra, eta bi aukera eman dizkiete horretan ari diren ikasleei: "beste ikastetxe batera joan eta modalitate ezberdin bat ikastea, horrek gure ikasketa-prozesua aurrera eramateko sortzen dizkigun zailtasunekin, edo lanbide heziketako erdi-mailako ziklo bat ikasten hastea". IAk "lotsagarritzat" jo du, Hezkuntza Sailak institutua ixteko asmoa baldin bazuen, Txurdinaga Behekoan hainbeste matrikula egiten utzi izana. "Gure etorkizunarekin jolasten dute eta ikasleon hitzak nahiz beharrek ez dute ezer balio", gaitzetsi du.

Hezkuntza-sarearen desegitea eta segregazioa

Ikasle-antolakundeak iritzi dio Bilboko kasu berri hau "hezkuntzaren desegitearen beste adibide bat" dela, "inbertsio publiko faltan, zerbitzuak kaskartzen eta murrizten" ari direlako. Ohartarazi duenez, gainera, "egoera horietan kaltetuenak dira beti ikaslerik txiroenak". Uste du ez dela "kasualitatea" Txurdinaga Behekoa zarratzea, "hezkuntza-sistemaren logika klasistaren eta segregatzailearen ondorio baizik": "Auzoak [Txurdinaga] eta ikastetxeak berak jasaten duten segregazioa nabarmena da, eta, orain, ikastetxea itxiko dute inolako erantzukizunik gabe".

Eta beste ondorio bat ere azpimarratu dute IAko kideek: "Ikasleon interesak eta beharrak ez dira lehentasuna hezkuntza-sistema honentzat. Gure ikastetxea itxiko digute ikasketa-prozesu erdi-erdian eta kalte guztiak ikasleok ordaindu beharko ditugu". Gaineratu dutenez, "ez digute alternatibarik eskaini, ez eta soluziorik ere; gure etorkizunarekin jolasten dute".

Ikasleak antolatzen ari dira

Txurdinaga Beheko ikasleek, hala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren "gaitasunik eza" salatu dute, eta exijitu dute ez dezatela institutua zarratu. Itxieraren aurka borrokan ari dira jada: IAk jakinarazi duenez, asanbladan bildu dira ikasleak azken egunetan, eta kontzentrazio bat antolatu dute bihar goizerako. Atsedenaldian izango da, ikastetxeko sarreran. Borroka horretan, martxoaren 13an greba egitera ere deitu dute ikasle-antolakundeko kideek: egun horretan Euskal Herri osoko ikasleek joko dute grebara, "ikasle langileon interesatara egongo den hezkuntza bat aldarrikatzeko" eta gorakada erreakzionarioari aurre egiteko.

EZ DAGO IRUZKINIK