Ostegun iluntzean, hainbat udaltzain bertaratu ziren Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoko Leninen Txokora. Indarrez eta inolako berme juridikorik gabe, atea botatzen saiatu ziren. Barruan zeuden kideek espazioa babestea lortu zuten, eta udaltzainak barrura sartzea ekidin zuten.
Ostiral goizean berriro agertu zen polizia, oraingo honetan, espazioaren legezko jabeetako batekin eta sarrailagilearekin. Ateko sarraila aldatzen saiatu ziren, baina espazioaren barnean zeuden kideek atea babestea lortu zuten. Atetik sartu ezin zirela ikusita, udaltzainek Leninen Txokoko leiho bat hautsi zuten eta handik sartu ziren. Barruan zeuden kideak identifikatu, miatu eta mehatxatu zituzten, eta mugikorrak kendu zizkieten. Kanpoaldera elkartasuna adieraztera bertaratu ziren hainbat pertsona ere identifikatu zituzten poliziek.
Bilboko Kontseilu Sozialistako kideek gogor salatu dute desalojoa, baita okupazioaren aurkako ofentsibaren barruan poliziak daukan inpunitatea ere; gainera, adierazi dutenez, "Txokoa langileon interesen aldeko lan politikorako espazioa izan da, eta bide horretan, baita Mugimendu Sozialistarentzako bitarteko garrantzitsua ere".
Poliziak aurretik jakinarazi gabe desalojatu du espazioa, iaz epaileak ezarritako behin-behineko neurri bat erabilita, ateko giltzen entrega ezartzen zuena.