AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Onda Vasca
2024/05/31 09:55

Udan zehar ere greba mugagabean izango dira Bilboko (Bizkaia) hiribuseko langileak. Apirilaren 9an hasi zuten lanuzte mugagabea, eta maiatzaren 16an berretsi zuten deialdia, USO, UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako aurreakordioari ezetz esanez. Atzo erabaki zuten udan zehar borrokan jarraitzea: ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean ere greba mugagabean izango dira beharginak, eta 24 orduko lanuzte orokorrak egingo dituzte Aste Nagusian.

Plantillak atzo erabaki behar zuen nola segitu borrokan: astean egun batean lanuzteak eginda, edo greba mugagabeari eutsita. 462 langilek hartu zuten parte bozketan, eta greba mugagabearen alde egin zuen gehiengoak, 266 langilek.

Joan den asteartean bildu ziren Bilboko Udalak azpikontratatutako Biobide enpresa (Alsaren filial bat) eta langile batzordea (beharginek azken aurreakordioa atzera botatzean, ELA sindikatuak ordezkatu zuen UGT batzordearen gidaritzan). Bilera horretan ere, ordea, ez zen akordiorik egon: soldatak Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera egokitzea eta hainbat neurri sozial ezartzea barne hartzen duen proposamena aztertuko duela dio Biobidek.

Enpresak eta USO, UGT eta CCOO sindikatuek duela bi aste sinatutako aurreakordioan, ez zen KPIaren araberako soldata-igoerarik bermatzen. %4 inguruko igoerak aurreikusten zituen 2022rako eta 2023rako, eta %2,5 ingurukoa 2024rako.

Lizitazio berri bat?

Badirudi Bilboko Udalak, bitartean, martxan dituela Biobiderekin sinatutako kontratua deuseztatzeko tramiteak. Horrek aurrera egingo balu, lizitazio berri bat aterako luke udalak, azaldu baitu gaur egungo kontratazioak ez duela ahalbidetzen langileen soldatak "berme guztiekin" igotzea. Une honetan, urtean 42 milioi eurokoa da kontratu hori.

Urtebete borrokan

2021ean agortu zen Bilbobuseko langileen itun kolektiboa, eta blokeatuta dago hura berritzeko negoziazioa. Langileek izoztuta dituzte soldatak hitzarmena iraungi zenetik, eta euren exijentzia nagusietako bat da erosahalmenari eutsi ahal izatea, KPIaren araberako egokitzapenekin. Duela urtebete ekin zieten mobilizazioei, soldata-igoeren alde, hitzarmen osoa murrizketarik gabe aplikatzearen alde, eta %62ko jardunean aritzen diren beharginen prekaritatearen kontra, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK