Ekida Arte Ekimen Sozialistak maiatzaren 7an estreinatu zuen Agirretarren bandera antzezlana, Azpeitian (Gipuzkoa). Horrekin ekin zion hainbat hilabetez luzatu den birari, eta, guztira, Euskal Herriko hamabi herritan eskaini du ekoizpen propioko lana azken hilabeteetan: Azpeitian, Urretxun (Gipuzkoa), Atarrabian (Nafarroa), Zarautzen (Gipuzkoa), Baigorrin (Nafarroa Beherea), Idiazabalen (Gipuzkoa), Legution (Araba), Bergaran (Gipuzkoa), Pasai Donibanen (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Durangon (Bizkaia) eta Donostian (Gipuzkoa).
Bihar izango da hamahirugarren eta azken emanaldia, Bilboko (Bizkaia) Bilborock aretoan. 19:00etan igoko dira oholtzara Ekidak ekoitzitako lana antzezten duten aktoreak, eta horixe izango da Agirretarren bandera ikusteko azken aukera. Aurreko saioetan bezala, Trigger txelo-jotzaileak jarriko dio zuzeneko musika obrari. Doakoa izango da sarrera, edukiera bete arte.
"Agirretarrak edonortarrak dira, gure garaiko jendea", azaldu du Ekidak, antzezlaneko protagonistei buruz: "Eugenio Agirre Alvarezen alabak eta bilobak, bost kideko langile-familia bat. Eugenio hil egin da eta bere bilobei oinordetzan utzi die leku bat munduan: bere apartamentua. Hara joango dira gazteak bizitzera. Apartamentu horretan osatuko dira hiru gazteren kezka prekarioak eta ametsak, beste apartamentu batean gorpuztuko dira hutsuneak eta bi amaren ametsak. Baina egonkorra zirudienak ez du irauten. Zer hautatu dezakete? Norentzat dira dauzkaten ametsak? Gure garaiari buruzko antzezlana da Agirretarren bandera, porrotaren eta krisiaren garaia oholtzara eramana". Azken emanaldiak iragartzean, Ekidako kideek nabarmendu zuten "harrera oso ona" izan duela obrak, eta, "kontatzen duen istorioagatik eta bere izaeragatik", antzezlanak "belaunaldi desberdinetako jendearekin konektatu" ahal izan duela.
Arte ekoizpen propioarekin jarraituko du Ekidak aurrerantzean ere. Gogorarazi duenez, "arte sozialistaren garapenerako baliabideak antolatzea" du helburu, "alderdi guztietan: lan artistikoa, lan teknikoak eta azpiegiturazkoak, formakuntzazkoak eta beste". "Bide horretan aurrerapausoa izan da Agirretarren bandera antzezlana.Parte hartu duten aktore, gidoigile, musikari eta teknikarien lan militanteak atera du aurrera antzezlana, artea denen eskura eta borondate politiko baten mesedetan antolatzeko konpromisoari helduz", gaineratu du.