AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/24 12:50

600 lagunek goraino bete zuten Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu Antzokia maiatzean, Agirretarren bandera antzezlanaren estreinaldian. Borroka oihuekin bukatu zen antzezlan hark, Ekida Arte Ekimen Sozialistak antolatutako lehenengoak, bide luzea egin du ordutik. Bederatzi emanaldi egin dituzte guztira, Euskal Herri osoan zeharreko biran: Azpeitiaren ondotik etorri ziren Urretxu (Gipuzkoa), Atarrabia (Nafarroa), Zarautz (Gipuzkoa), Baigorri (Nafarroa Beherea), Idiazabal (Gipuzkoa), Legutio (Araba), Bergara (Gipuzkoa) eta Pasai Donibane (Gipuzkoa). Orain, amaitzear da bira hori.

Antzezlanaren abiapuntua Agirretarren familia da, eta haien aitonaren heriotza. Horren ostean, bere bi alabek eta hiru bilobek bizitakoak eta hitz egindakoak kontatzen dira oholtza gainean. Bi belaunaldi parez pare eta krisi kapitalista garaian indarrez loratutako kezkak, ezinegonak eta hausnarketak, bata bestearen atzetik, eta Trigger txelo-jotzaile aretxabaletarraren zuzeneko musikaz lagunduta.

Antzezlana ikusteko azken datak iragarri berri ditu Ekidak. Bilbon (Bizkaia) izango da azken emanaldia, urtarrilaren 13an, Bilborock Aretoan; baina, horren aurretik, beste hiru emanaldi ere izango dira: abenduaren 1ean Gasteizen (Araba), abenduaren 8an Durangon (Bizkaia) eta abenduaren 15ean Donostian (Gipuzkoa). Sareetan jarri dute informazio osoa.

Etorriko denaren proba eta aurrekari

Gustura azaldu dira Ekidako kideak antzezlanak orain arte izan duen ibilbidearekin. Adierazi dute "harrera oso ona izan duela hasieratik" eta ehunka lagunek ikusi ahal izan dutela antzezlana, hasiera-hasieratik ia antzoki guztiak goraino bete baitira. "Kontatzen duen istorioagatik eta bere izaeragatik", gainera, antzezlanak "belaunaldi desberdinetako jendearekin konektatu" ahal izan duela ere esan dute.

Aurretik egina zuten beste jendaurreko ikuskizun bat Ekidakoek, Manifestua, baina antzezlana "aurrerapausoa" izan dela uste dute, "antolaketa-mailaren aldetik, irismen-gaitasun aldetik eta gerora baliatu daitezkeen praktiken proba gisa". Esaterako, emanaldi gehienak antzokietan egin badituzte ere, antzezlana kalean ere emana dute Idiazabalen, Legution eta Bergaran, eta datozenetan ere jarraituko dute hautu horrekin, Durangon eta Donostian. Kaleko emanaldiak "esperientzia oso baliagarria" izan direla adierazi dute.

EZ DAGO IRUZKINIK