Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) abenduaren erdialdean zabaldu zuen deia: faxismoaren gorakadaren kontra eta gerra-mehatxuaren kontra, urtarrilaren 25ean mobilizatzera deitu zuen Euskal Herrian. Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora! lelopean, manifestazio bana antolatu du Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa). 18:00etan abiatuko da Bilboko mobilizazioa Jesusen Bihotzetik, eta ordubete beranduago hasiko da Iruñekoa, Gaztelu Plazatik.
Azkeneko hilabetean, ikaragarria izan da gazte-antolakundeak Euskal Herri osoan egin duen astintze-lana, biharko egunean Bilbon eta Iruñean mobilizatzera deitzeko. Ikusgarriak izan dira deialdia zabaltzeko han-hemenka egindako hamaika propaganda-ekintzak, eta ekimen edo egitarau ugari ere baliatu dituzte GKSko kideek, kalera ateratzera deitzeko: faxismoa eta agenda belikoa normalizatu ez daitezen, mobilizatzeko beharra azpimarratu dute.