AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/18 17:51

Prentsaurreko bat egin du gaurkoan Goierriko Kontseilu Sozialistak, bihar Beasainen (Gipuzkoa) gauzatzekoa den etxegabetze baten berri emateko eta mobilizatzera deitzeko. Hain zuzen, familia bat utzi nahi dute kale gorrian; emakume bat eta bere hiru seme-alabak kanporatuko dituzte haien etxetik. "Onartezina da inor inon kalean geratzea, eta horren aurka antolatzeko deia egin nahi dugu", adierazi dute Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek. Bihar, 10:30ean, Nafarroa etorbideko 41. zenbakira bertaratzera deitu dute: "Han bilduko gara etxegabetzea gelditzeko".

"Arazoaren erro" modura seinalatu dute, baina, "etxebizitza egun merkantzia hutsa izatea"; alegia, sistema kapitalista. "Bere logika zekena ezartzen du Kapitalak bizitzako esparru bakoitzean, baita etxebizitzaren auzian ere. Horrela bakarrik ulertu daiteke oraindik ere familia osoak kale gorrira kondenatzea, negu betean eta dozenaka etxe huts egonda Beasainen bertan", salatu du Kontseilu Sozialistak. Horri lotuta, etxebizitzak guztientzako "doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" izan beharko lukeela nabarmendu du.

Erantzule zuzenak

"Oker dago Estatua eta instituzio publikoak denon hobebeharrerako tresnak direla uste duena", zehaztu dute, bestalde: "Burgesiaren dominaziorako tresna bat gehiago da Estatua, tarteka aurpegi atsegina erakutsi arren, behin eta berriz azaleratzen duena jabetza pribatua hil ala bizi defendatzeko duen funtzioa". Azaldu dute, ordea, "ongizate-estatua desegin eta langileen pobrezia areagotu ahala", Estatuak "gero eta gutxiago" erakutsiko duela "aurpegi atsegin hori".

"Burgesia txikiaren papera ere salatu nahi dugu horrekin batera, horrelakoetan ikusten baita argien bere benetako izaera", gaineratu dute Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek.

Hona hemen gaurko prentsaurrekoa, bideoan jasota:


EZ DAGO IRUZKINIK