San Antolin festak ospatu dituzte iragan asteburuan Plentzian (Bizkaia). Igande goizaldean laguntza eskatu behar izan zuten bi emakumek, bi gizonezkoren jarraipenak eta jazarpena zirela-eta. Hala, erasotuak izaten ari ziren bi emakumeak laguntzeko asmoz hurbildu zen gizonezko bat. Jazarpena ez zen eten, baina; laguntza eman asmoz bertaratu zen gizonezkoa jipoitu zuten bi erasotzaileek, beste lau gizonezkok lagunduta. Erasotua izan zen gizonezkoak salaketa jarri du dagoeneko, eta Urdulizko (Bizkaia) erietxean artatu behar izan dute.
Erasoei erantzuna Larresoron eta Bilbon
Plentzian jazo den erasoaz gain, 26 urteko emakume batek sexu erasoa salatu du pasa den asteburuan Larresoroko jaietan (Lapurdi). Erasoa salatzeko, Non aux agression sexistes, Eraso sexistarik ez lemapean, dozenaka herritar bildu ziren Herriko Etxearen atarian.
Bestetik, mugimendu feministak deituta, bart elkarretaratzea egin dute Bilboko (Bizkaia) Arriaga plazan, Indarkeria sexistari aurre egin lemapean. Izan ere, gizonezko bat atxilotu dute, bere bikotekide ohia sei egunez bahitu eta sexu erasoak egiteagatik.