Hiru gizonezkok emakume bat bortxatu dute Larresoron

Larunbatetik iganderako gauean izan zen bortxaketa, Larresoroko jaietan. Erasotua izan zen emakumeak igande goizaldean jarri zuen salaketa.
Argazki Nagusia
Larresoroko irudi bat.
2019ko irailaren 02a

Larunbat gauean izan zen erasoa, Larresoroko (Lapurdi) festetan. Bortxatua izan zen emakumeak igande goizaldean jarri zuen salaketa, eta Baionako (Lapurdi) erietxean hartatu behar izan zuten gero. 26 urte ditu, eta France Bleu hedabideak jakinarazi duenez, shock egoeran eraman zuten erietxera. Une honetan, gertatutakoa ikertzen ari da polizia.

Hiru gizonezkok bortxatu zutela jakinarazi du erasotutako emakumeak. Autora bidean zihoala erasotu zuten, 03:00ak aldera.

Uda honetan zehar hamaika bortxaketa eta sexu eraso salatu dituzte Euskal Herrian. Esaterako, Baionako (Lapurdi) festetan gutxienez hiru eraso izan zirela jakinarazi zuen Samuel Vuelta Simon prokuratzaileak. Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan hiru aldiz aktibatu behar izan zuten erasoen aurkako protokoloa, eta Donostian, 24 orduan hamaika sexu eraso izan zirela salatu zuten Donostiako Piratek.