Joan den asteburuan, sarrera ukatu zieten bi gazte sahararri Donostiako (Gipuzkoa) Iguana tabernan. Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi dute gertatutakoa: iragan larunbatean ostatu horretara joan ziren bi mutil sahararrak eta hiru neska, baina barrura sartzea galarazi zien atezainak aurreneko biei, "mairuak" direla argudiatuta. "Magrebtarrekin arazoak" izan dituztela gaineratu zuen, eta horregatik, bi gazte sahararrek ezin zutela sartu.
Eztabaida piztu zen orduan atarian, eta tabernako jabea irten zen. Ostatuan sartu nahi zutenen kexak entzutean, lokaleko jabeak "harrokeria handiz" esan zuen berak erabakitzen duela "nor sartzen den eta nor ez", Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez.
Poliziari hots egin zieten gazteek, eta salaketa bat aurkezten saiatu ziren. Donostiako Udaltzaingoak, baina, "trabak" baino ez omen zizkien jarri. Azkenean, tabernatik alde egitea erabaki zuten.