Burlatan (Iruñerria, Nafarroa) euren etxea galtzeko arriskuan daude bi familia, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez. Putre-funts batek bota nahi du familietako bat, eta jabe partikular batek bestea: funtsak esan du ez duela alokairu-kontratua berritu nahi, eta etxejabe partikularrak, berriz, pisua saldu nahi duelako etxegabetu nahi du gaur egun bertan alokairuan bizi den sendia. Bietan berdina da emaitza maizterrentzat, martxan baitaude haiek kanporatzeko prozesuak, eta berehala kaleratuak izateko arriskuan baitaude.
Bi kasuetan daude tartean adin txikiko hainbat pertsona. Familietako baten kasuan, gainera, indarkeria matxista jasandako emakume bat eta bere lau seme-alabak dira etxetik bota nahi dituztenak. Legez eta agiri kontuengatik, baina, ez dute andrea maizter gisa aitortzen; ondorioz, ez diote etxegabetzeen aurkako moratoria aplikatuko. Urtarrilaren 30erako dago ezarrita etxe-kaleratze hori.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du erakunde publikoek ez dietela inolako bizitoki-alternatibarik ematen bi familiei. Seinalatu du, bestalde, Burlatako bi familien egoerak erakusten duela "putre-funtsek eta etxejabe partikularrek interes komunak dituztela etxebizitzari dagokionez": "Lehentasuna negozioa egiteari ematen diote, baita familia batzuk kale gorrian uztearen kontura ere. [...] Etxejabe handiek zein txikiek beren etekinak arriskuan ikusten dituztenean jendea etxegabetzen dute". Burlatako herritarrei eskatu die hurrengo deialdietara adi egoteko, eta dei orokor bat ere egin du, sindikatura batzeko: "Antolakuntza da horrelako egoerei aurre egiteko modurik eraginkorrena".