AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Bi eraso matxistaren berri eman dute Angelun eta Bokalen
Larunbatean, 75 urteko andre bati egin zion sexu-erasoa gizon batek, Angelun. Bestalde, 20 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bokalen, 7 urteko neska bat bortxatzeagatik. Itaiak protesta bat antolatu du biharko, Angelun.
2024eko urriaren 23
Bi eraso matxistaren berri eman dute Angelun eta Bokalen

Ordu gutxian, bi eraso matxista atera dira argitara Lapurdin. Aurreko larunbatean Angelun izandako eraso baten berri eman dute lehenengo. Larunbat arratsaldean, erosketa-poltsa batzuk eramaten laguntzea aitzakiatzat hartuta, 75 urteko andre batengana hurbildu zen gizon bat. Autoz eraman zuen etxera emakumea, eta barruan zeudenean bortxatu zuen. Astelehenean atxilotu zuten erasotzailea, eta tramiteak egiten ari dira oraindik.

Bestalde, gaur arratsaldean jakinarazi dute 20 urteko gizon bat atxilotu dutela Bokalen, 7 urteko neska bat bortxatzeagatik. Aurreko igandean izan zen erasoa, eta egunean bertan atxilotu zuten bortxatzailea. Auzipetu egin dute.

Itaiaren protesta Angelun

Gaur eguerdian, Angeluko erasoa argitaratu eta gutxira, mobilizatzeko deia egin du Ipar Euskal Herriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Bihar izango da protesta, 19:00etan, Angeluko Herriko Etxean.