AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Bi emakumeri egin dizkiete sexu-erasoak Sarrigurenen eta Agurainen
Aurreko ostegunean izan zen Sarrigurengo erasoa, eta epaitegi batek, oraingoz, espetxeratu egin du erasotzailea. Bestalde, Aguraingo enpresa batean, beste emakume bati eraso diotela jakinarazi dute.
2024eko urtarrilaren 24
Bi emakumeri egin dizkiete sexu-erasoak Sarrigurenen eta Agurainen

Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) sexu-eraso bat jasan du berriki emakume batek: aurreko ostegunean egin zion eraso gizonezko batek. Salaketa bat aurkeztu zuen emakumeak, eta handik gutxira atxilotu zuten erasotzailea.

Momentuz kartzelaratu egin dute, Agoitzeko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1. epaitegiaren aginduz. Astelehenean eraman zuten gizona epailearen aurrera, eta orduan bidali zuten espetxera.

Agurainen (Araba) ere sexu-eraso bat egin diote emakume bati; zehazki, herri horretako enpresa batean. Ez dituzte azalpen gehiago eman.