Irudi lazgarriak izan ziren atzo gauean Gazan ikusi zirenak ere: hiriaren erdigunean, Al-Ahli Ospitale Bataiatzailea bonbardatu zuten sionistek, ikaragarrizko sarraski bat sortuz. Hainbat iturrik baieztatu dutenez, 5.000 palestinar inguruk hartzen zuten babes erietxe horretan (zaurituak eta osasun-langileak ere baziren), eta 800 baino gehiago erail ditu Israelek bonbardaketan. Sarraskiak "ez dauka aurrekaririk gure historian", Palestinako Defentsa Zibileko bozeramailearen esanetan.
Israelgo Armadaren arabierazko web-orrian, txantxa makabroak egin zituzten masakrearen harira: "Mediku-ekipamendu eta langile eskasiaren ondorioz, esku hartzea erabaki dugu, ospitalearen kontrako aire-eraso bat gauzatuta, sufrimendua txikiagotzeko", argitaratu zuten. Eta ez ziren horiek izan gaueko adierazpen ero bakarrak, Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro faxistak ere hartu baitzuen hitza sarraskiaren ostean. Hala esan zuen: "Gazara iritsi behar duen gauza bakarra aireko indarren ehunka tona lehergai dira, ez laguntza humanitarioa". Erietxeko sarraskiaren egiletza, ordea, hasieran aitortu zuten Israelgo autoritateek; gero hura ukatzen saiatu dira.
Ohikoa izaten ari da sionistek ospitaleak (zaurituak artatzeaz gain, errefuxiatuek babes hartzen dute erietxeetan), etxebizitza-blokeak edota eskolak bonbardatzea. Atzo bertan, ehunka lagunen babeslekua zen eskola bati eraso zioten israeldarrek.
Atzo gauean, Ospitale Bataiatzailea bonbardatua izan bezain pronto, protesta masiboak piztu ziren, esaterako, Zisjordania okupatuan, Turkian, Libanon eta Jordanian. Jordanian, hain zuzen ere, Israelgo Enbaxadari su eman zioten.
Ia 4.000 hildako, blokeo erailea eta bonbak Rafah bidean
Israelek ez du zalantzarik egiten: etenik gabe, bereizi gabe, Gaza bonbardatzen eta palestinarrak sarraskitzen jarraitzen du. Atzoko azken erailketa masiboarekin, ia 4.000 ingurura igo da, sionista genozidek gerra-egoera deklaratu zutenetik, Gazan eraildako palestinarrak.
Hori gutxi balitz, Israelek erabateko blokeoa dauka ezarrita Gazan: argindarra, ur hornidura eta erregai hornidura erabat moztuta daude, Interneterako konexioa etenda dago, mediku-ekipamenduen eta sendagaien bidalketa moztuta dago, laguntza humanitarioa blokeatuta dago, eta abar.
Esanguratsua izan zen, horri lotuta, Israelgo genozidek atzo gauean egindako bonbardaketa zehatz bat: Gazako Zerrendan, Nusairaten, martxan jarraitzen zuen okindegi bakarretako bat bonba bidez eraso zuen.
Egiptoko Kanpo ministroak atzo baieztatu zuen, bestalde, urriaren 7tik hona, Israelek lau aldiz bonbardatu duela Palestina eta Egipto bereizten dituen Rafah muga-bidea. Israelek blokeatuta dauka bide hori ere.