Beste lan-heriotza bat izan da bart Euskal Herrian, oraingoan, Buñuelgo (Nafarroa) pentsu fabrika batean. Itxura denez, gaueko 23:00ak aldera, makina batek hartu du azpian langile bat. Larrialdi-zerbitzuetako beharginak bertaratu diren arren, ez dute lortu istripua izan duen langilearen bizia salbatzea, eta bertan hil da. 35 urte zituen.
24 orduan Euskal Herrian lan-istripuz hil den bigarren behargina da. Izan ere, atzo goizean, Arratzun (Bizkaia) galdu zuen bizia 62 urteko langile batek, elektrokutatuta. Iturri sindikalen arabera, urtea hasi zenetik, gutxienez hamabost langile hil dira Euskal Herrian soldatapean lanean ari zirela.