AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/10 16:31

Azken egunetan, nazioartean zalaparta sortu du jatorri turkiar-estatubatuarreko aktibista baten hilketak. Soldadu sionistek erail zuten 26 urteko emakumea Zisjordanian, palestinarrak egiten ari ziren protesta batean. Israelgo Estatuko indar militarrek aitortu dute haiek hil zutela gaztea; "nahi gabe", modu "ez-zuzenean" tirokatuta. Baina hala aitortu dute, modu "ez-zuzenean", protestan zeuden palestinarren kontra tiro egin zutela orduan ere.

Izan ere, estatu sionistak oldarraldiari eusten dio Zisjordanian. Tulkaremen, esaterako, berriki berrekin diote lurreko erasoari militarrek. Azken orduetan, gutxienez bi palestinar erail dituzte bertan egindako sarekada batean, tiroz. Airez ere ari dira Zisjordaniako palestinarrei eraso egiten: Tubasen, adibidez, gutxienez bost lagun hil dituzte bonbardatuta.

Indar sionistek abuztuaren amaieran jo zuten erasora Zisjordanian, azken bi hamarkadatan hasitako ofentsibarik gogorrenari hasiera emanez. Aurreko asteko datuen arabera, 700 ziren iazko urritik ordura arte sionistek Zisjordanian eraildako palestinarrak.

Beste eraso erraldoi bat Gazan

Armada sionistak, bestalde, Gazako Zerrendako "gune humanitario" batean egin du eraso berriro. Oraingoan, Khan Yunis hiritik gertu dagoen eremu bat bonbardatu du; al Mawasiko hondartza ingurua, hain zuzen ere. Astearte goizaldean egindako eraso horretan, gutxienez 40 palestinar erail eta beste 60 zauritu dituzte. Erasoaren bortizkeriaren erakusle modura, bonbardaketak zulo erraldoi batzuk utzi ditu lurrean, eta hainbat familia palestinar osorik irentsi dituzte hondar-mendiek.

Erreskate-talde mugatuek, gainera, ez dute desagertutako eta hildako palestinarrak lurpetik ateratzeko baliabide nahikorik. Hala, hainbat lagunek desagertuta jarraitzen dute: leherketak "krater erraldoiak eta suteak eragin zituen, eta kanpin-dendak eta harea nahastu egin ziren". Gutxienez 20 kanpadendak hartu zuten su.

Zonaldea "gune humanitario" izendatu zuen estatu sionistak berak, baina hainbatetan egin die eraso hango palestinarrei. Zerrendaren hego-mendebaldean dago kokatuta Khan Yunis, eta Gazako biztanleen %90 lekualdatu behar izan da hara ingurura azken hilabeteetan. Sionistek uztailean hasi zuten oldarraldia "gune humanitario" horretan, eta, ordutik, lau aldiz bonbardatu du jadanik.

Osasun-langileak, berriz ere atxikirik

Palestinar osasun-langileak ere etenik gabe jazartzen dituzte indar sionistek, eta behin eta berriz blokeatzen dute edonolako osasun-arta. Eta ez larrialdietako arta soilik. Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA, ingelesezko sigletan) aste honetan jakinarazi duenez, palestinarrei polioaren kontrako txertoak jartzeko asmoz prestatutako konboi bat izan dute geldirik militar sionistek.

Zortzi orduz atxiki zuten ibilgailua Wadi Gazako kontroletik gertu, eta atxilotzearekin mehatxatu zituzten barruan zihoazen langileak. Gainera, Nazio Batuek esan dute beren hainbat ibilgailuri eraso dietela berriki sionisten hondeamakinek, palestinarrekiko edonolako laguntza humanitarioa boikotatzeko enegarren erasoan.

EZ DAGO IRUZKINIK