AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ESK
2022/11/11 10:32

Ez dago akordiorik Bizkaiko metaleko hitzarmenaren inguruan. Hala, langileek berriz joko dute grebara azaroaren 28an, eta bost egunez egingo dituzte lanuzteak. Gehiengo sindikalak —CCOO, LAB, UGT eta ESK— greba deialdia erregistratu du jada, eta argitu du metaleko beharginen lan-baldintzak "pobretzen eta prekarizatzen" dituela FVEM patronalak egindako azken eskaintzak.

Dirudienez, langileen erosteko ahalmenari lotutako zenbait "hobekuntza minimo" jaso ditu patronalak proposamen horretan; hain zuzen, ehuneko puntu bateko soldata-igoera bat eskaini du, "tauletan erosteko ahalmena bermatu gabe, eta, malgutasunean, gutxieneko bermean eta aldi baterako ezintasun osagarrietan zituen atzerapenak mantenduz". Gainera, ituneko hainbat alor aipatu ere ez ditu egin patronalak; esaterako, subrogazio eskubidea eta aldi baterako enpresen erabilera.

Sindikatuek azpimarratu dute irabaziak metatzen jarraitzen dutela metaleko enpresek. 25 milioi eurotik gorako irabaziak ditu Sidenorrek, 11 milioi euro ingurukoak Ormazabal taldeak, ia 9 milioi eurokoak Artechek, 6 miloi eta erdi eurokoak Elduk eta 3 milioi eurotik gorakoak Tecunik, adibidez.

Azaroaren 2ra arte ere lanuzteak egin dituzte metalgintzako langileek. Hala, Bizkaiko hainbat enpresatan ekoizpena geratzea lortu dute grebalariek. Gogorra izan da Ertzaintzak haien kontra erabilitako errepresioa; izan ere, piketeetan izan diren langileen kontra gogor oldartu da polizia azken lanuzteetan. Behargin ugari jipoitu ditu, eta gutxienez bi artatu behar izan zituzten ospitalean. Horretaz gain, zenbait grebalariri poliziak jarritako isunak hasi zaizkie heltzen.

EZ DAGO IRUZKINIK