AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Artxiboko irudia. ARGAZKIA / ABC
2024/12/12 09:09

Ontzi batera igota Mediterraneoa gurutzatu nahian ari ziren 45 pertsona desagertu dira itsasoan. Naufragio bat jasan zuen itsasontziak, eta 11 urteko neskato bat da biziraun duen bakarra. Italiako Lampedusa irlan dago jadanik, handik hamar milia ingurura aurkitu baitzuen Alemaniako Compass Colective Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) ontzi batek: bere oihuak entzun zituzten itsasoaren erdian.

Badirudi Sierra Leonakoa dela neska, eta bere neba ere galdutako ontzian zihoan. Compass Colectiveko kide baten esanetan, jende gehiago bilatu dute uretan, baina ez dago inoren arrastorik. Badirudi ekaitzak eta olatu handiak izan zirela egun horretan.

Ez dute argitu zein jatorritakoak diren desagertutako pertsonak. Biziraun duen haurrak jakinarazi du, ordea, lau edo bost egun lehenago irten zela haien ontzia Sfaxetik (Tunez). Eguraldi txarra zela-eta, irauli eta hondoratu egin zen itsasontzia, eta uretara erori ziren barruan zihoazen guztiak. Salbamendu-jaka bat zeraman neskak, eta aire-ganbera bati eutsita lortu zuen ur gainean mantentzea.

Irailean Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeak (ACNUR) emandako datuen arabera, urteko lehen zazpi hilabeteetan gutxienez 1.542 pertsona hil edo desagertu ziren Europara itsasoz iritsi nahian. Gutxieneko kalkulu bat baino ez da hori.

EZ DAGO IRUZKINIK