AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Galdakaoko Gazte Asanblada
2019/06/20 22:15

Gaur, ekainak 20, deklaratzera deituta zeuden Galdakaoko (Bizkaia) hiru gazte; gaztetxearen aldeko borrokaren harira identifikatu zituen Ertzaintzak maiatzean. Dena den, Galdakaoko Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, bertan behera geratu da gaurko epaiketa.

Auzi-jartzaileak 4.000 eurotik gorako kalteak aurkeztu zituela diote, "aditu baten tasaziorik gabe", eta "babesgabezia egoera" salatu du auzipetuen abokatuak. Hala, epaileak erabaki du "kalte deliturik ba ote dagoen" aztertu beharra duela. Beraz, bertan behera geratu da gaurko saioa, baina asanbladako kideek azaldu dutenez, "usurpazio eta kalte delituengatik epaituak izateko arriskuan" daude oraindik hiru gazteak.

Ia bi hilabete atzera

Iragan maiatzaren 4an hasi zen gaztetxe berriaren aldeko borroka Galdakaon. Herriko gazte mugimenduko kideek egun horretan eman zuten gaztetxe berriaren proiektuaren eta birjabetzearen berri. Ertzaintzaren presentzia handia izan zen hasieratik. Lehen egunean bertan, eraikinaren jabea espaziora bertaratu zen.

Ordutik "etengabea" izan zen jazarpena, eta hiru egun beranduago, Ertzaintza sarrailagileekin agertu zen gaztetxean, atea botatzeko asmoz. Une horretan identifikatu zituzten kanpoan zeuden bi kide; horietako bat gertatzen ari zena bideoz jasotzen ari zen, eta Mozal Legea ezartzearekin mehatxatu zuen Ertzaintzak.

Jendea eraikinera bertaratu ahala polizien kopurua ere hazi egin zen. Azkenean, gaztetxean sartu ziren ertzainak, eta barruan zeuden bi kideak identifikatu eta kanporatu zituzten.

Atzo elkarretaratzea egin zuten Galdakaon, Galdakaoko Gazte Asanbladak deituta, epaituak izango diren hiru gazteei elkartasuna eta babesa adierazteko.