AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irutxuloko Hitza
2022/10/17 09:38

Fiskaltzak helegite bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Xabier Atristaini emandako hirugarren graduaren kontra, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak helegite horri buruzko ebazpena jakinarazi du jada: onartu egin du, eta, beraz, bertan behera geratu da donostiarrari ezarritako hirugarren gradua. Hala, Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelara sartu zuten berriz aurreko ostiralean, eta bigarren graduan dago orain.

2010ean atxilotu zuten Atristain, eta hura inkomunikatzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atxiloaldian torturak jasan zituela salatu zuen; dena den, ETAko kide izatea leporatuta espetxeratu zuten. Hamazazpi urteko kartzela-zigor bat ari da betetzen.

Hala ere, urte honen hasieran jakinarazi zuten Espainiako Estatua zigortu zuela Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak, 2010ean ez ziolako abokatua hautatzeko aukerarik eman Atristaini. Ebazpen horren ondotik utzi zuten aske donostiarra, joan den otsailean.

Ekain hasieran, baina, Auzitegi Gorenak esan zuen ez zegoela Atristaini jarritako zigorra berrikusteko arrazoirik, eta berriz atxilotu eta kartzelaratu zuten. Uztailean, ordea, preso politikoari hirugarren gradua eman zion Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak; erabaki hori da, hain zuzen, Espainiako Auzitegi Nazionalak oraintxe atzera bota duena.

EZ DAGO IRUZKINIK