AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/19 09:40

Kartzelan da berriz Joseba Arregi preso politikoa. Atzo itzularazi zuten Martuteneko (Gipuzkoa) espetxera, hirugarren gradua berriz kenduta. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak oñatiarrari ezarritako hirugarren graduaren kontrako helegite bat aurkeztu zuen berriz Fiskaltzak, eta eskaera izapidetzea onartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak. Auzia ebatzi arte, beraz, bertan behera geratu da hirugarren gradua.

Ez da Arregik gradu erregresioa jasaten duen aurreneko aldia. Eusko Jaurlaritzak iazko otsailean sartu zuen hirugarren graduan, baina, Fiskaltzaren helegitea ontzat emanda, erregimen horretatik atera eta azaroan berriz kartzelaratu zuten oñatiarra. Ordutik izan dute Martutenen, baina Eusko Jaurlaritzak aurreko astean ezarri zion berriz hirugarren gradua. Egun gutxira heldu da Fiskaltzaren helegitearen ondoriozko bigarren gradu erregresioa.

77 urte ditu Arregik, eta 31 urte daramatza preso. 1992an atxilotu zuten, eta horren aurretik, gainera, Frantziako Estatuan izan zuten atxilo.

Aurreko hilabetean Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte preso politikoak ere itzularazi zituzten espetxera, hirugarren gradua indargabetuta. 2021tik hona, preso politiko ugariri ezarri dizkiete gradu erregresioak; hala nola, Juan Karlos Subijana, Ainhoa Barbarin, Asier Karrera, Asier Rodriguez, Aitor Esnaola, Mikel San Argimiro, Xabier Atristain, Iñaki Bilbao, Gorka Martinez, Iñigo Gutierrez, Jon Crespo eta Unai Fanori.

EZ DAGO IRUZKINIK