Realak eta Paris Saint-Germainek (PSG) joan den martxoaren 5ean neurtu zituzten indarrak Donostiako (Gipuzkoa) Reale Arena futbol-zelaian. Partida jokatu baino lehen, Ertzaintzak hiriburuko kaleak hartu eta hainbatetan kargatu zuen jendearen kontra. Gutxienez hiru pertsona zauritu zituzten poliziek, eta Amaia Zabarte da haietako bat.
Ertzainek foam jaurtigai batekin jo zuten buruan, 30 metro inguruko distantzia batetik. Lurrean zegoela, gainera, ostikoz kolpatu zuen ertzainetako batek, bideo batek erakutsi duen bezala.
Amaiaren familiak salaketa bat aurkeztu zuen, baina maiatzean jakinarazi zuten ebazpena: salaketa artxibatu zuen Gipuzkoako Auzitegiko epaile batek, iritzita ez zela jakina nork egin zuen tiro biktimaren kontra. Martxoaren 5eko kargen harira, gutxienez sei salaketa jarri zituzten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak behin eta berriz jarri du zalantzan egun horri buruzko kontakizun bistakoa. Abuztuan, adibidez, Bingen Zupiriak adierazi zuen ezin dela baieztatu Amaia ertzainen foam jaurtigai batek zauritu zuenik.
Helegitea eta kasua berriz irekitzea
Salaketa artxibatzeko erabakiari helegitea jarri zion Amaiaren familiaren abokatuak Gipuzkoako Auzitegian, eta gertakariei buruzko ikerketa Ertzaintza ez den polizia-indar batek egin dezala ere exijitu zuen. Ebazpena ontzat jota, artxibatzea bertan behera utzi eta ikerketa berriz ireki dezatela agindu du orain auzitegiak, eta eginbide berriak abiatuko ditu.