AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Internazionalistak Auzolanean (X)
2025/09/25 08:07

Elkarte Memorialisten Plataformak beste mobilizazio-deialdi bat egin du Iruñean (Nafarroa), Erorien Monumentua eraitsi dezatela exijitzeko. Atzo egindako agerraldian azaldu zuenez, azaroaren 15ean izango da manifestazioa: Erorien Monumentutik hasiko da eta Iruñeko udaletxearen aurrean amaituko da. Izan ere, udala seinalatu dute elkarte memorialistek: frankismoko biktimei "gezurra esatea" eta haiek "gutxiestea" leporatu diote.

Plataformak dio Joseba Asiron alkateak (EH Bildu) "gezurra esaten" duela haiek kontuan hartu nahi dituela dioenean. Errealitatean, monumentu faxista eraisteko egin duten eskaerari udal-gobernuak entzungor egin diola eta ez dela haiekin harremanetan jartzen salatu dute kolektibo memorialistek. Hori guztia ikusirik, auzitegietara jo dute haiek, oroigarri frankista botatzearen alde.

Monumentua eraitsi beharrean, hura mantentzeko eta "esanahia aldatzen" saiatzeko asmoa erakutsi dute PSN, Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek, eta horretarako akordio bat egin zuten iaz. "PSN-EH Bildu-Geroa Bai hirukoak bere horretan jarraitzen du. Ez du [monumentua] eraitsi nahi eta beste esanahi bat eman nahi dio; filigrana politiko eta juridikoekin; gure bizkarrera; gure iritzia, biktimen iritzia kontuan hartu gabe, ez eta herritarrena ere", ohartarazi dute. Horiek horrela, "komeni zaizkien legeak soilik aplikatzea" leporatu diete hiru alderdiei.

Mende erdia

Plataformako bozeramaile Yolanda Ansók eta Koldo Amatriak prentsaurrekoan gogorarazi zutenez, aurtengo azaroaren 20an beteko da mende erdia Francisco Franco diktadore faxista hil zenetik; eta frankismoko biktimek ere 50 urte beteko dituzte "egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermearen esperoan". Eta gaineratu zuten: "Diktadorearen heriotzaren ondoren, demokraziarengandik espero genuena zen egia, justizia eta erreparazioa. 50 urte dira eta oraindik zain gaude".

Horri lotuta salatu dute, hain zuzen ere, mende erdiaren ostean Erorien Monumentu frankistak zutik jarraitzea: "Frankistek oraindik ere badute Iruñean euren gurutzadan hildakoei eskainitako hiri-monumenturik handiena". 


Irakurri hemen plataformako Joaquin Iraizozi iaz egindako elkarrizketa, Erorien Monumentua eraisteko borrokaren harira.

EZ DAGO IRUZKINIK