Berrarmatzeko plana zehazten jarraitzen du Europar Batasunak, Ukrainako gerrak eta ezegonkortasun globalak eragindako erronkei aurre egiteko. Fase berri honetan, baliabideak gehiago mobilizatzea aurreikusten da, eta Europar Batasun osorako proiektu militarren finantziaziora 800.000 milioi euro bideratzeko proposamen bat dago mahai gainean; 650.000 milioi euro estatu kideen gastuetan eta beste 150.000 milioi euro maileguetan.
Horretarako, Bruselak zor komunaren jaulkipena ebaluatzen jarraitzen du, Next Generation funtsetatik erabili gabeko baliabideetara joz eta azpiegitura militarretarako eta garapenerako erabiltzen ez diren kohesio-funtsak berresleituz. Gainera, egonkortasun-itunetik ihes egiteko klausula aktibatuko du Batzordeak, estatu kideak arma-gastuek beren estatu-defizitetan duten eraginetik salbuesteko. Halaber, Europako Inbertsio Bankuaren bidez funts pribatuak mobilizatuko dituela ere iragarri du.
Ursula Von Der Leyen buru duen Europako Batzordeak gutun bat bidali omen zien atzo Batasuneko estatuburuei eta gobernuburuei, proposamen horiek zehazteko, eta ostegunean Bruselan egingo den ezohiko goi-bileran eztabaidatuko dituzte. Etengabe ari dira berrarmatze-plana egokitzen, eta pandemian erabili zenaren antzeko zor bat jaulkitzeko aukera benetakoa da, baita gobernu arteko funts berri bat sortzekoa ere, "premiazko" gastu militarrak finantzatzeko. Herbehereak eta Alemania zor komunaren jaulkipenaren aurka agertu arren, ekimenak babesa aurkitu du Parisen, Madrilen eta Europa iparraldeko herrialdeen artean.
Nazioarteko tentsioa gero eta handiagoa den testuinguru batean "Europar Batasunaren segurtasuna bermatzeko" ustezko helburuarekin, Bruselak beste finantza-laguntza bat ere proposatu du Ukrainarentzat. 20.000 milioi euroko funts gehigarri bat sortzea aztertzen ari dira, Kievi baliabide militarrak emango zaizkiola ziurtatzeko, batez ere AEBen laguntzaren jarraitutasunari buruzko ziurgabetasunaren aurrean. Laguntza hori 2022tik Ukrainara bidalitako 135.000 milioi euroei gehitzen zaie. Horietatik 48.000 milioi zuzendu dituzte Ukrainako Armadara.