AKTUALITATEA / Itaia
Bermeon elizgizon batek egindako sexu-abusuak salatuko dituzte gaur
Berriki atera dira argitara Bermeoko elizgizon batek hainbat haurri egindako sexu-abusuak. Busturialdeko Itaiak deituta, elkarretaratze bat egingo dute gaur arratsaldean, Goiko Plazan.
2022eko abenduaren 26
Bermeon elizgizon batek egindako sexu-abusuak salatuko dituzte gaur

Hilabete honetan jakinarazi dute hamaika haurri egin zizkiela sexu-erasoak Bermeoko (Bizkaia) eta Bilboko (Bizkaia) eskola banatan aritu zen elizgizon batek. Zehazki, 70eko eta 80ko hamarkadetan egin zien eraso umeei, Bermeoko Menesiano San Jose eskolan nahiz Bilboko Santutxo auzoko Berrio-Otxoa eskolan. Erasotuak izan ziren hainbat haurren testigantzak bildu eta argitaratu dituzte zenbait hedabidek.

Horren harira, protestara deitu du Bermeon Busturialdeko Itaiak. Gaur, abenduaren 26an, egingo dute kontzentrazio bat Bermeoko Goiko Plazan, 19:30ean hasita. "Indarkeria matxista orori aurre egiteko" deia zabaldu dute Itaiako kideek.