AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Dawn
2024/05/08 10:00

Indar militar sionistak Rafahn sartu eta palestinarren kontrako sarraskia gordindu den honetan, mundu osoan barrena hedatzen jarraitzen dute ikasleen protestek: hamaika lekutan ekin diete kanpaldiei unibertsitatean, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko. Europan ere zabaldu dira protesta-kanpalekuak, eta Amerikako Estatu Batuetako hainbat campusetan gertatu den bezala, gogor ari dira horietako batzuk erreprimitzen.

Berlingo Unibertsitate Askean, adibidez, eremu bat hartu eta Palestinaren aldeko kanpaldi bat jarri zuten martxan ikasleek. Unibertsitateko eskolak etetea lortu zuten, gainera. Unibertsitateko buruak, baina, atzo hots egin zion Poliziari: polizia-dispositibo handi bat prestatu eta campusera bertaratu zen, ikasleak modu bortitzean botatzeko, eta Palestinarekin elkartasunez abiatutako ekimena zapaltzeko.

Sare sozialen bidez plazaratu diren irudietan ikus daitezke ikasleak elkarri helduta, euren burua babesten, eta polizia-indarrak euren kontra oldartzen. Atzo bertan desegin zuten kanpalekua, ikasleak indarrez kanporatuta eta kanpinak banan-banan kenduta. Aurreko ostiralean, bestalde, ehunka gazte mobilizatu ziren Berlingo Bumboldt Unibertsitatean, estatu sionista egiten ari den sarraskiaren kontrako mobilizazio-olatura batuta.

Herbereetan ere jo dute protestara ikasleek. Amsterdamgo Unibertsitatean, adibidez, kanpaldi bat antolatu zuten, baina hori ere atzo erreprimitu eta desegin zuen Poliziak: borra-kolpeka kanporatu zituen protestan zeuden gazteak, eta kanpinak suntsitu zituen. Han-hemenka mobilizatzen ari diren ikasleen aldarrien artean dago, besteak beste, unibertsitateek estatu sionista terroristarekin harremanak etetea.

Kanpaldiak aurrera Euskal Herrian

Euskal Herrian ere kanpatu dute ikasleek: Ikasle Abertzaleak antolakundeak Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Iruñean (Nafarroa) eta Leioan (Bizkaia) prestatu ditu kanpaldiak. Astelehenean hasi ziren, eta bertan jarraitzen dute hainbat eta hainbat lagunek, Palestinaren askatasuna aldarrikatzen eta "Israelgo Estatu sionista desnormalizatzeko" beharra azpimarratzen.

EZ DAGO IRUZKINIK