AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Bategin
2021/09/18 10:36

Azken lan-gatazkari lotutako mobilizazioak bukatutzat eman ditu Goierri eskualdeko (Gipuzkoa) Bategin Langile Autodefentsa Sareak. Uztailean ekin zion borrokaldi bati Beasaingo (Gipuzkoa) Amore Pizza jatetxean; izan ere, bost hilabete eta 20 eguni zegokien zenbatekoa zor zioten hango langile bati. Amore Pizza, ordaindu zor duzuna aldarri hartuta hasi zuen kanpaina bat Bateginek, negozioko nagusiak behin eta berriz egin baitzion uko beharginari ordaintzeari.

Mobilizazioak hasi eta bi astera azaldu zuen nagusiak langileari ordaintzeko borondatea; zor zion zenbatekoa epeka ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Orduan eten zituzten mobilizazioak Langile Autodefentsa Sareko kideek, baina ohartarazi zuten ez zutela gatazka bukatutzat emango nagusiak hartutako konpromisoa bete arte.

Joan den ostegunean, Bateginek jakinarazi zuen gatazka irabazi duela mobilizazio eta negoziazio fase luze baten ostean. Kanpainari jarritako helburuak beteta, hortaz, amaiera eman dio borrokaldiari. "Langile elkartasuna da bidea", esan dute sare sozialen bidez argitaratutako bideoan.

EZ DAGO IRUZKINIK