AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko protesta.
2022/01/19 15:01

Goierriko Kontseilu Sozialistak atzo jakinarazi zuen, prentsaurreko bidez, gaurko zegoela ezarrita Beasainen (Gipuzkoa) bizi den familia baten etxegabetzea. Hala, protestara deitu zuen gaur goizerako, eta 10:30ean bertaratu dira hainbat pertsona Beasaingo Nafarroa etorbideko 41. zenbakira.

Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dute orain dela bost egun izan zutela gaurko ezarrita zegoen etxegabetzearen berri, eta orduan abiatu zutela borroka-prozesu bat: "inor kalean ez geratzeko konpromisoari heldu", eta elkarrizketak hasi zituzten Beasaingo Udalarekin, gizarte-zerbitzuekin eta kaleratze arriskuan dagoen familia bizi den etxearen legezko jabeekin. "Orain arte ez da bi aldeak ados jartzeko moduko proposamenik izan, eta horregatik, etxegabetzeak aurrera jarraitzen zuenez, kontzentraziora deitu genuen gaurko", argitu du Kontseilu Sozialistako kide batek.

Ertzainak nahiz udaltzainak joan dira lekura goizean goizetik. Segizio judiziala ere han izan da, eta elkarrizketak izan ditu kanporatzekoak ziren pertsonekin.

Mobilizazioaren bidez egindako presioari esker, "orain arte agertu ez den proposamen bat atera da", azaldu du eguerdian Kontseilu Sozialistako kide batek. Proposamen hori onartzea erabaki du kaleratze arriskuan dagoen familiak, eta beraz, astebete gehiago egin ahal izango dute etxean. Behin-behinean, beraz, etxegabetzea geratzea lortu dute gaurkoan.

Hori guztia "antolakuntzari eta mobilizazioari esker" lortu dutela azpimarratu du Kontseilu Sozialistak. Salatu du etxegabetzeak gauzatzen direla oraindik, eta hala, etxe kaleratzeak geratzea exijitu du. Etxebizitzak "doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" izan beharko lukeela ere aldarrikatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK