2024ko emaitza finantzarioek maximo historikoen beste urte bat berretsi dute Espainiako Estatuko banketxeentzat. BBVAk eta CaixaBankek irabazietan izandako hazkundea sendotu dute, interes-tasa altuen eraginari esker, Diario Crítico egunkariak jakinarazi duenez. BBVAk 10.054 milioi euro irabazi zituen iaz, hau da, 2023an baino %25 gehiago, kredituaren %14,3ko hazkundeak eta 11,4 milioi bezero berri erakarri izanak bultzatuta. Gainera, bankuak 22.000 milioi euro bideratu zituen "inpaktu sozialeko" proiektuetara, hala nola ospitaleetara eta eskoletara; horri esker, milioika euro aurreztu daitezke zergetan.
Bestalde, CaixaBankek 5.787 milioi euroko irabazi garbiekin itxi zuen 2024ko ekitaldia, aurreko urtean baino %20,2 gehiago lortuta. 20,3 milioi bezerori eman zien zerbitzua eta aktiboetan 630.000 milioi euro baino gehiago kudeatu zituen. Diario Crítico-ren arabera, finantza-entitateak 2022-2024 Plan Estrategikoa amaitu zuen iaz, errentagarritasun, efizientzia eta berankortasun helburuak gaindituz; baita akziodunei 12.000 milioi euro emanez ere, hasieran aurreikusitako 9.000 milioien aldean. Hori gutxi balitz, historikoki baxuak diren maila batzuetan mantentzen du berankortasun-ratioa, likidezia-posizio sendoarekin.
Bi banketxeek ordainsari handiak iragarri dizkiete euren akziodunei. BBVAk 5.027 milioi euro bideratuko ditu dibidenduetara eta akzioak berrerostera; CaixaBankek, berriz, kapitala banatzeko gaitasuna indartu du. Espainiako Estatuko banku-sektoreak Europako Banku Zentralaren moneta-politikari etekina ateratzen jarraitzen du, interes-tasak altu mantendu baititu azken urtean, eta horrek finantza-erakundeen irabazi-marjinak handitu ditu.