AKTUALITATEA / Migrazioa
Barakaldon, pertsona migratzaileen bi bizitoki hustu eta 11 lagun atxilotu ditu Poliziak
Parke batean eta zubi baten azpian bizi ziren hainbat pertsona migratzaile. Haietatik 11 eraman zituzten atxilo irailaren bukaeran, eta kanporatuak izateko arriskuan daude zazpi.
2023eko urriaren 5
Barakaldon, pertsona migratzaileen bi bizitoki hustu eta 11 lagun atxilotu ditu Poliziak
— ARGAZKIA Ezkerraldea Antifaxista

Berriki argitaratu dutenez, joan den irailaren 27an, hainbat lagunek bizitoki modura erabiltzen zituzten bi kokaleku hustu zituen Poliziak Barakaldon (Bizkaia). Zehazki, parke batean eta zubi baten azpiko aldean zeuden egonleku horiek, eta hainbat pertsona migratzaile bizi ziren horietan.

Barakaldoko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak, elkarlanean, 11 pertsona atxilotu zituzten operazioaren barruan. Haietako zazpik ez dituzte legezko paper guztiak gaur-gaurkoz, eta Atzerritartasun Legea urratzea leporatuta, kanporatzeko prozedura bana ireki dute euren kontra.