AKTUALITATEA / Preso politikoak
Preso politikoen aurkako beste kereila bat onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
2006ko ekintza bat "erabakitzea" leporatu diete hiru preso politikori eta preso politiko ohi bati. ETAko zuzendaritzako kide zirela argudiatuta, Barajasen (Madril) jarritako lehergailuaren "erantzule" gisa epaitu nahi dituzte Urrutikoetxea, Ozaeta, Iriondo eta Karrera.
2022eko otsailaren 1
Preso politikoen aurkako beste kereila bat onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Josu Urrutikoetxea preso politiko ohiaren eta Ainhoa Ozaeta, Aitzol Iriondo eta Mikel Karrera preso politikoen aurkako kereila berri bat onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Dignidad y Justicia taldeak egin zuen eskaria, ETAk 2006an Barajasko (Madril) aireportuan egindako ekintzaren —lehergailu bat jarri zuten T4 terminalean— "erantzule" gisa epaitu ditzaten.

2010ean beste hiru preso politiko zigortu zituzten lehergailua jarri izana leporatuta, baina hura "erabaki" izanagatik epaitu nahi dituzte orain Urrutikoetxea, Ozaeta, Iriondo eta Karrera. Izan ere, akusazioaren arabera, ETAko zuzendaritzako "buruzagi" ziren garai hartan, eta ekintza haren "erantzukizuna" leporatzen diete.

Antzeko beste auzibide batzuk ere ari dira zabaltzen azkenaldian. Mikel Antza preso politiko ohia, esaterako, Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia "hiltzeko erabakian izandako" ustezko "erantzukizunagatik" auzipetu zuten duela gutxi.