AKTUALITATEA / Errepresioa
Espainiako Estatutik ateratzea debekatu diote Mikel Antzari
Gregorio Ordoñez "hiltzeko erabakian izandako" ustezko "erantzukizunagatik" auzipetu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak preso politiko ohia. Antzak deklaratu du torturetan eta gezurretan oinarritzen dela haren aurkako akusazioa.
2021eko abenduaren 22
Espainiako Estatutik ateratzea debekatu diote Mikel Antzari

Atzo deklaratu zuen Mikel Albisu Antza preso politiko ohiak Donostiako (Gipuzkoa) epaitegietan, bideokonferentziaz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Alejandro Abascal epailearen aurrean. Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia "hiltzeko erabakian izandako" ustezko "erantzukizunagatik" auzipetu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Deklaratu ondoren zenbait neurri ezarri dizkio epaileak; besteak beste, pasaportea kendu diote, eta Espainiako Estatutik irtetea debekatu.

Albisuk azaldu zuenez, haren aurkako akusazioak torturetan eta gezurretan oinarritutako elementuen bidez eraiki dituztela adierazi zion epaileari, eta gogorarazi zion aurrez hogei eta bost urteko bi zigor bete dituela Frantziako Estatuan.

Antza 2004ko urrian atxilotu zuten Biarnon, ETArekin lotuta. 2019ra arte eduki zuten preso Frantziako Estatuan. Hango zigorrak osorik bete ondoren utzi zuten aske.